Legorretako Udalaren adierazpena sexu jazarpen kasu baten harira
31 Abuztua 2023
Sexu jazarpen kasu batek Legorretan zabaldu duen ezinegona ikusita, Legorretako Udalak, EH Bilduren eta EAJ-PNVren adostasunarekin, honako adierazpen hau egin nahi du:
Denboran luzatu den sexu jazarpen kasua gogor salatu nahi du Legorretako Udalak eta erabateko babesa azaldu erasoa jasan duen emakumeari.
Erasoa ez da kasu isolatu bat, emakumeen aurkako egiturazko indarkeria baten barruan ulertu behar den indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da.
Guztion ardura da indarkeria horri aurre egitea. Herritarrok ezin gara isilik geratu horrelako kasuen aurrean, erasotzailearen jarduna salatu eta biktima zaindu eta errespetatzea gure ardura da. Udalaren kasuan, indarkeria saihesteko bideak jartzea, prebentzio lana egitea eta biktima babestea dagokigu. Hori dela eta, Legorretako Udalak erasoaren berri izan zuenean Legorretan indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko erakundeen arteko koordinazio eta arretarako tokiko I. protokoloa martxan jarri zuen, Gipuzkoako udalerrietan indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun publiko instituzionala emateko protokoloarekin batera.
Protokolo hauek jarraituz, eta indarkeria matxistaren mezua zabaltzeko, udalak bat egiten du Aiuri Talde Feministak antolatutako elkarretaratzearekin: ostiral honetan, irailak 1, izango da, 19:00etan, herriko plazan. Udalak herritar guztiei dei egin nahi die ardura hartu eta protesta horretan parte har dezaten.