Lagun hori,
Euskararen inguruko kezkek edota motibazioek eraginda, hainbat herritar bildu ginen 2012an, Legorretan euskarak bizi duen egoeraz, eta aurrera egiteko eman beharreko urratsez hitz egiteko hain zuzen ere. Lan dinamika horren emaitza, “Legorretan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia” deituriko txostenean jaso zen.
Aurreko txosten horretatik garbi ondorioztatzen da, orain arte eta era naturalean, euskararen aldeko neurriak hartu izan dituela Legorretako Udalak eta plangintza jakinik izan gabe ere, herritarrekiko harremanetan euskararen erabilerak azken hamarkadetan gora egin duela. Aurrera pausu berriak emateko ordea, hemendik 10 urtera nolako herria nahi dugun erabaki, helburu batzuk finkatu eta helburu horiek lortu ahal izateko lidergoa Udalak beregain hartzea beharrezko ikusten dugu.
Zeregin horretan, Euskararen Udal Ordenantza bat Legorretako herriarentzat eta Udala berarentzat ere adostu eta martxan jartzeko urratsa eman nahi dugu orain; Legorretako Udalaren helburua baita, euskara, zerbitzu hizkuntza ez ezik, lan hizkuntza ere izatea.
Siadeco Ikerketa Elkartearen aholkularitzarekin ari da Udala bere hizkuntza jarduera arautzeko irizpideak definitzen eta egindako lanari jarraipena emateko, herriko norbanako, elkarte eta eragileen iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditugu.
Horretarako, bilera bat antolatuko dugu eta horraxe gonbidatu nahi zaitugu.
Bilera eguna: martxoak 5, asteazkena.
Ordua: arratsaldeko 19:00etan.
Non: Legorretako Udaletxean
Gai ordena: gaiaren kokapena, hizkuntza irizpideen proposamena eta balorazioak.
Besterik gabe, aldez aurretik mila esker.
Legorreta, 2014ko otsailak 27
Bakartxo Mendez
Legorretako Udaleko Alkatea

