Hiru eguneko programazioarekin dator lehen aldiz ospatuko den Legorretako Gau Beltza. Igande honetan, urriak 29, ekingo zaio jaiari, eta hilaren 31ra arte luzatuko da.
Igandeari dagokionez, ihes gela egingo da. Gazteengan izan duen arrakasta ikusita, hitzordu berriak ireki dira, eta beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. 14 urtetik aurrerako guztientzat dago zuzendua, eta 5 edo 6 pertsonako taldeak osatzea gomendatzen da.
Astelehenari, hilak 30, dagokionez, ipuin kontalaria izango da Kultur Etxean 17:00etatik aurrera, eta 19:00etan beldurrezko filma eskainiko da Herri Antzokian.
Azken egunari dagokionez, jolasak eta tailerrak antolatu dira herriko plazan 17:00etatik 18:30era bitartean. Arratsalde guztian zehar ere ihes gela egingo da (gogoratu hitzordua hartu behar dela). 18:30etik 19:15era bitartean indarrak berreskuratzeko merienda eskainiko da, eta eguna amaitzen joateko, 19:20an dantzak egin eta beldurrak erreko dira, eta 19:30ean batukada eta desfilea egingo dira.
Gau beltzerako mozorroak
Urriak 31 azken eguna bada ere, egun bereziena izango da. Horretarako, mozorrotzeko gonbita luzatzen zaie herritarrei. Janzteko arropak honako hauek izan daitezke: lastozko kapela, etxeko arropa zaharrak, koadrodun alkandora, gona beltza, kamiseta beltza… Hemen horren inguruko informazio zehatzagoa.