Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
'Neskatoak' dokumentalaren emanaldia igandean, Herri Antzokian

'Neskatoak' dokumentalaren emanaldia igandean, Herri Antzokian

23 Azaroa 2016

Igande honetan, hilaren 27an, Neskatoak dokumentala proiektatuko da Herri Antzokian, 18:30etan. Frankismo garaian Ipar Euskal Herrira lanera joandako emakumeen istorioa kontatu nahi izan du Jon Abril zuzendariak. Dokumentalaren ondoren, solasaldia izango da zuzendariarekin berarekin. Saioa doakoa izango da, eta sarrerarik ez da behar izango.

Hala kontatzen ditu Abrilek dokumentalaren nondik norakoak:

"1940 eta 1975. urteen artean emakume anitzek euren etxea utzi eta Ipar Euskal Herrira zein Frantziako bertze hainbat tokitara joan behar izan zuten neskame edo neskato lanetan aritzera. Emakume horiek, nerabe eta neska gazteak, familia utzi zuten gibelean. Maiz, mendiz joan ziren, gordeka. Frankismoaren urterik gogorrenak ziren. Ipar Euskal Herriko hoteletan eta jatetxeetan aritu ziren lanean, baina baita etxe partikularretan ere, interna moduan. 12 edo 14 orduko lanaldiak egiten zituzten, pasaporterik gabe, lanerako baimenik gabe, eta frantsesik jakin gabe.

Gaur egungo migrazio-prozesuetan bezala, emakumeek paper hagitz aktiboa izan zuten orduko gizartean, bertan gelditzen ziren gurasoei eta etxekoei ekonomikoki berebiziko laguntza eman baitzieten".