Ekainaren 18an ospatu zen Pikuak Kalera egitasmoaren ikasturte amaierako festa, Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuen, Ugaro Herri Eskolaren, Aldaieta Jubilatu Elkartearen eta soinketa zein Pikuak Kalera egitasmoetako kideen elkarlanaren fruitu.
Urtero bezala, jardunaldiari hasiera emateko, taldeko argazkia atera zuten. Aurten, bero handia zela eta, egitarauan aldaketa batzuk egin behar izan zituzten, eta ohiko ibilaldiak jolas tradizionalengatik ordezkatu zituzten. Belaunaldi guztiek primeran pasa zuten igel eta toka jokoetan.
Ondoren, parte-hartzaile guztiek batera soinketa saioa egin zuten herriko plazan, Odei Lopezen gidaritzapean. Festa borobiltzeko, amaieran, hamaiketako osasuntsua partekatu zuten haurrek eta helduek.
Ikasturtea amaituta, orain udaraz gozatzeko eta indarrak hartzeko garaia da. Urrian berriro ekingo zaio Pikuak Kalera egitasmoari. Horregatik, gonbidapena luzatzen zaie Legorretako pertsona guztiei parte hartzera; izan ere, ariketa fisikoa egiteaz gain, osasuna hobetzeko eta herritarren arteko harremanak indartzeko aukera paregabea eskaintzen du egitasmoak.