Adineko herritarrak jarduera fisikoa egitera animatzeko egitasmoa da Pikuak Kalera: haien osasuna hobetzeko ez ezik, herriko taldeen arteko elkarlana sustatzeko asmoz sortua, Legorretako Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren ekimenez.
Urrian hasi eta ekainera bitarte, ostegunero 10:30etan elkartuko dira adineko herritarrak herrian ibilbide bat egiteko (lau ibilbide daude prestatuta). Ibilaldia bukatuta, hamaiketakoa izango dute euren elkartean.
Astero, boluntario talde batek hartuko du bere gain antolaketaren ardura. Ibilbidean laguntza eskainiko dute horiek (elbarriei, gurpil aulkian ibiltzen direnei…), eta bukaerako hamaiketakoa ere prestatuko dute. Boluntario gisa lan egiteko prest agertu dira Aldapa Haundi, Jota Kea eta Bilkoin elkarteak, Ugarotarrak guraso elkartea, Ugaro ikastetxea, Aldaieta jubilatu elkartea eta udaleko Ongizate lantaldea. Aurrerantzean ere, jakina, ateak zabalik egongo dira boluntario lan hori egin nahi dutenentzat.
Legorretan, 65 urtetik gorako herritarrak 350 inguru dira. Horietatik %10 kaleratzea da hasierako helburua, eta, ekintza aurrera doan heinean, kopuru hori handitzea.
Egitasmoaren logoa Ibon Olano herritarrak diseinatua da.
Ibilbideekin hasi aurretik, erorikoak saihesteko tailerra jaso dute adinekoek Herri Antzokian.


