Irisgarritasun-tresnak
Skip to main content
Salgai daude 'Teilatupean' haur ikuskizunerako sarrerak

Salgai daude 'Teilatupean' haur ikuskizunerako sarrerak

26 Abendua 2023

Iraitz Lizarragak zuzentzen duen haurrentzako ‘Teilatupean’ ikuskizuna eskainiko da ostiral honetan, abenduak 29. Ikuskizuna 17:00etan hasiko da Herri Antzokian, eta beharrezkoa izango da sarrera erostea. Udaletxean daude eskuragarri (8:00-14:00) hiru euroren truke. Maren Basterretxea, Maite Aizpurua eta Uxue Alkorta dira ikuskizuneko protagonistak.

Ikuskizunaren sinopsiak honela dio: “Lur gaztetxoak haserre ihes egin du gurasoenetik, bere etxea eraiki asmoz, bertan nahi duen guztia egin ahal izateko. Auzuneko orube batean Doro topatu du, munduko bazter guztiak ezagutzen dituen baina inon bizi ez den artista ibiltaria. Lau makil, kutxa parea eta maindire soil batekin euren ametsetako etxea eraiki dute eta etxearekin batera, adiskidetasuna; oinarri sendoak izan arren, tarteka itute batzuk dituena, laguntasun guztien moduan.

Etxearen bueltan hainbat gai jorratzen ditu antzezlanak: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna... Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin parez pare topo egiten du eta haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira”.

Gogoratu ekintza hau Legorretako Gabonetarako antolatutako egutegiaren barruan doala. Ikusi hemen, edo etxeetan banatutako eskuorrietan, datozen asteetarako antolatu diren gainerako jarduerak.

teilatupean