COVID-19aren testuinguru honetan, pertsonen segurtasuna bermatzeko eta krisialdi honek sor ditzakeen kalte ekonomikoak herritarrei ahalik eta gutxien eragiteko, erabakiak hartzen segitzen du udalak.
Batetik, udal tramite guztiak etenda geratu dira, eta alarma egoera eteten denean berrabiaraziko dira epeak. Hala ere, ziurtagiri digitala edukita, www.legorreta.eus webgunean tramiteak elektronikoki egin daitezke.
Bestetik, hileta agurrak COVID-19 birusaz kutsatzeko foku izan ez daitezen ere neurriak hartu dira. Hala, hildako hurbilekoen agurrak intimitaterik zorrotzenean egingo dira, eta hilerrian agur edo errespontsu labur bat baino ezin izango da egin, gehienez ere 15 pertsonarekin, eta zorrotz gordeta pertsonen arteko gutxieneko metro eta erdiko segurtasun tartea.
Era berean, COVID19-aren ondorioz hildako pertsonen kasuan, gorpua erraustea gomendatzen da. Ez erraustekotan, gorpua hilobiratu edo lurperatzerakoan lan hori egingo duen langilearen segurtasuna bermatzeko, beilatokitik behar diren neurriak hartu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
Azkenik, dekretu honek etenda utzi ditu udal zergak eta tasak ordaintzeko epeak, alarma egoera amaitu arte. Orduan jakinaraziko dira egutegi fiskaleko epe berriak eta alarma egoerak kaltetutakoei egingo zaizkien bonifikazio edota hobariak.
Trakzio mekanikoko ibilgailuen zergari dagokionez, ordaintzeko borondatezko epean dago, eta helbideratutako erreziboak kobratu dira, agindua aurrez emana zegoelako; baina gainerakoei hilabeteko epea emango zaie ordainketa egiteko, alarma egoera amaitzen denetik aurrera.
Ondasun higiezinen gaineko zerga (IBIa) borondatezko aldian ordaintzeko epea 2020ko abuztuaren 1etik 2020ko irailaren 15era atzeratu du Foru Aldundiak.


