2021/2022 ikasturtean, Legorretako Udalak babesturik, Ugaro eskolako 1. mailako eta 4. mailako ikasleek Arteria proiektuan parte hartu zuten, eta datorren asteazkenean, hilaren 23an, proiektu horren emaitza ikusteko aukera izango da. 18:00etan, Herri Antzokian.
Alde batetik, giza eskubideak eta horien urraketak euren egunerokora hurbildu, eta beraien arteko harremanen inguruko lanketa egin zuten; bestetik, artea eraldaketarako tresna bezala erabili zuten.
Urtarriletik ekainera bitartean, ostiral arratsaldeetan egin zuten lanketa hau. Ikasleak giza eskubideen eta artearen inguruan sentsibilizatu eta formatzeaz gain, ondorengo emaitzak lortu ziren: 1. mailan era kolaboratiboan ipuin bat sortu zuten, Betzaida Urtazaren gidaritzapean; 4. mailan, berriz, ikus-entzuneko bat sortu zuten, Jennifer Arevaloren eskutik. Horrez gain, bi gelen artean, ikastetxeko atarian horma irudi bat sortu zuten.