Pasa den 2025eko abenduaren 17an egindako Osoko Bilkuran onartu zen Legorretako Udalak 2026 urterako izango duen aurrekontua. Zehazki 2.398.525 eurokoa izango da, aurreko urtean baino %8,83 (194.655,5 euro) handiagoa. Aurrekontu hau EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren aurkako 4 botorekin onartu zen.
Modu honetan banatzen da aurrekontua:
|
SARRERAK |
GASTUAK |
|
Zuzeneko zergak (kontribuzioa, kotxeen zergak, enpresak...): 525.812 euro. Zeharkako zergak (lan baimenak): 25.000 euro. Tasak eta bestelako sarrerak: 364.170 euro. Transferentzia arruntak (dirulaguntzak): 1.457.743 euro. Ondare sarrerak (alokairua, errenta): 15.300 euro. |
Pertsonal gastuak: 837.883,27 euro (%34,93). Gastu arruntak: 919.305 euro (%38,33). Finantza gastuak (maileguen interesak): 6.500 euro (%0,27). Transferentzia arruntak (dirulaguntzak): 362.390,55 euro (%15,11). Inbertsio errealak: 248.446,18 euro (%10,36). Finantza pasiboak (maileguen amortizazioa): 24.000 euro (%1). |
Inbertsioei dagokionez, bideratutako 248.446,18 euroak honela banatuko dira:
|
INBERTSIOAK |
|
Apaiz etxeko proiektua: 50.000 euro. Jolas parkeen berrikuntza: 61.446,18 euro. Mugikortasun eta irisgarritasun lanak: 20.000 euro. Udaletxeko terrazaren inpermeabilizazioa: 20.000 euro. Enplegua ordenatzeko plana: 13.000 euro. Herri bideen konponketak: 10.000 euro. HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra): 21.000 euro. Eskolako ekipamenduen hobekuntzak: 15.000 euro. Jubilatuen tabernako komunaren berrikuntza: 19.000 euro. Euri uren hoditeriaren azterketa: 9.000 euro. Udal eraikinen artean sare propio bat egitea: 6.000 euro. Espedienteak kudeatzeko programaren aldaketa: 4.000 euro.
|
Aurrekontuaren azalpena:
Datorren ekitaldiko sarrera arruntak %8,3 igo dira, batik bat zerga eta tasen igoerengatik, jarduera ekonomikoen zergan egon den aldaketarengatik eta Udalak finantzatzeko foru funtsetik iaz baino 67.071 euro gehiago jasoko direlako.
Gastuei dagokionez, pertsonal gastuetan %11,77ko igoera izango da, datorren urteko soldata igoera eta belaunaldi erreleboak eragingo duen gastua kontuan izan direlako. Gastu arruntak aurrekontuaren %38,33a izango dira, eta hemen sartzen dira beste hainbat gasturen artean, Udalarentzako horren garrantzitsuak diren lehen mailako gizarte laguntza eta zerbitzuak (123.500 euro), eguneko arreta zerbitzua (51.000 euro), Herria Bidelagun egitasmoa (29.000 euro), kultur ekintzak, udalekuak eta herriko festak (117.000 euro), berdintasun alorrean burutzen diren ekintzak (32.500 euro)… Gastuen zati handi bat, %15,11 Udalaz gaindiko erakunde, herriko eragile, euskarazko hedabide eta abarretara bideratuko da.
Guzti hau kontuan izanik, 2026an inbertsiotarako 248.446,18 euro izango ditu Legorretako Udalak. Inbertsioen zati handi bat, herritarrekin batera 2 parte-hartze prozesuetan definitu diren bi proiektuetara bideratuko da: Apaiz Etxearen proiektura eta jolas parkeen eraberritzera. Proiektu hauez gain, udal eraikinetan hobekuntzak egingo dira, udalarenak diren eraikinen artean telekomunikazioetarako sarea sortuz, eskolako ekipamenduetan hobekuntzak txertatuz, udaletxeko terraza inpermeabilizatuz eta jubilatuen tabernako komuna berrituz. Udal barruko kudeaketari dagokionez, espedienteen kudeaketarako erabiltzen den programa aldatuko da eta enplegua ordenatzeko plan bat jarriko da martxan. Inbertsioekin amaitzeko, mugikortasun eta irisgarritasun lanak burutuko dira, euri uren hoditeriaren azterketa egingo da eta azken Osoko Bilkuran hasierako onarpena eman ondoren, HAPOaren (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) lanketarekin jarraituko da.
Inbertsio hauez gain, dagoeneko esleituta dauden, errepide zaharreko zubiaren gaineko espaloia eta kiroldegiko teilatua konponduko dira.


