Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik beste urte batez antolatu dira osasun fisikoa, kognitiboa, soziala eta emozionala zaintzeko eta ongizatea modu integralean indartzeko hainbat ekintza. Herritarrek urritik aurrera izango dute ekintza hauetan parte hartzeko aukera.
Jubilatu Elkartearekin, Legorretako Osasun Zentroarekin, Ugaro Herri Ikastetxearekin eta ongizate lantaldearekin elkarlanean, ikasturte honetarako gimnasia saioak, Pikuak Kalera ibilaldiak eta asteazkenetako kafesnea antolatu dira.
Gimnasia saioei dagokionez, astelehenetarako eta ostiraletarako antolatu dira, 10:30-11:15 eta 11:15-12:00 ordutegietan. Ibilaldiei dagokionez, ostegunetan egingo dira 10:30etatik 11:30etara bitartean. Ondoren, salda eskainiko zaie parte hartu duten guztiei. Asteazkenetako kafesnean, 17:00etatik 19:00etara, konpainia onean, tertulia goxo bat izateko aukera izango dute herritarrek eta Eguneko Arreta Zerbitzuak, aldiz, tailerrak eta bazkariak egunero eskainiko ditu, astelehenetik ostiralera.
Egitasmo honen helburu nagusia osasun fisikoa, emozionala eta soziala zaintzea dira, eta baita herritarren arteko harremanak indartzea jarduera osasuntsuak burutuz.
Izena ematea nahi duen orok Gizarte Zerbitzuetara jo beharko du: 943 085 290 edo 688 829 013 zenbakietara deituz, edota gizarte@legorreta.eus helbidera mezu bat bidaliz.



