Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Legorretako Udalak 2,2 milioi euro inguruko aurrekontua izango du 2025ean

Legorretako Udalak 2,2 milioi euro inguruko aurrekontua izango du 2025ean

09 Urtarrila 2025

Pasa den 2024ko abenduaren 18an egindako Osoko Bilkuran onartu zen Legorretako Udalak 2025 urterako izango duen aurrekontua. Zehazki 2.203.869,50 eurokoa izango da, aurreko urtean baino %2,52 (57.020,79 euro) txikiagoa. Aurrekontu hau EH Bilduren aldeko bost botorekin eta EAJren aurkako 3 botorekin onartu zen.

Modu honetan banatzen da aurrekontua:

SARRERAK

GASTUAK

Zuzeneko zergak (kontribuzioa, kotxeen zergak, enpresak...): 469.580 euro.

Zeharkako zergak (lan baimenak): 20.000 euro.

Tasak eta bestelako sarrerak: 323.225 euro.

Transferentzia arruntak (dirulaguntzak): 1.379.764,50 euro.

Ondare sarrerak (alokairua, errenta): 11.300 euro.

Pertsonal gastuak: 749.658,72 euro (%34,01).

Gastu arruntak: 908.360 euro (%41,03).

Finantza gastuak (maileguen interesak): 9.000 euro (%0,41).

Transferentzia arruntak (dirulaguntzak): 366.621 euro (%16,63).

Inbertsio errealak: 147.229,78 euro (%6,86).

Finantza pasiboak (maileguen amortizazioa): 23.000 euro (%1,04).

 

Inbertsioei dagokionez, bideratutako 147.229,78 euroak honela banatuko dira:

INBERTSIOAK

Mugikortasun lanak: 30.000 euro.

Ugaro eskolako leihoen aldaketa: 15.000 euro.

Ekipamenduen hobekuntzak: 52.229,78 euro.

Udal ekipamenduen azterketa: 18.000 euro.

Udaleko lanpostuen balorazioa: 18.000 euro.

Herri bideen konponketak: 12.000 euro.

Armarriaren aldaketa: 2.000 euro.

 

Aurrekontuaren azalpena:

Datorren ekitaldiko sarrera arruntak %3,16 igo dira, zerga eta tasen igoerengatik, eta batez ere Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik iaz baino 56.312 euro gehiago jasoko direlako.  Hala eta guztiz ere, sarrera arruntak igotzea aurreikusten den arren, aurrekontua %2,52 txikiagoa izango da. Honen arrazoia, iazko urtean aurrekontuak egiteko garaian bi dirulaguntzen ebazpena jasota zegoelako da: osasun-etxea berritzeko 53.000 euro eta zahartze osasuntsua bermatzeko proiektuak garatzeko 71.605 euro.

Gastuei dagokionez, pertsonal gastuetan %5,84ko igoera izango da, datorren urteko soldata igoera eta belaunaldi erreleboak eragingo duen gastua kontuan izan direlako. Gastu arruntak aurrekontuaren %41,03a izango dira, eta hemen sartzen dira beste hainbat gasturen artean, Legorretako Udalarentzako horren garrantzitsuak diren lehen mailako gizarte laguntza eta zerbitzuak (102.500 euro), eguneko arreta zerbitzua (49.000 euro), Herria Bidelagun egitasmoa (28000 euro), kultur ekintzak eta herriko festak (102.000 euro),  berdintasun alorrean burutzen diren ekintzak (34.500 euro). Gastuen zati handi bat, %16,63a, udalaz gaindiko erakunde, herriko eragile, euskarazko hedabide eta beste hainbat dirulaguntzetara bideratuko da.

Guzti hau kontuan izanik, 2025ean, inbertsiotarako 147.229,78 euro izango ditu Legorretako Udalak. Inbertsioen zati handi bat ekipamenduen hobekuntzetara bideratuko da: Harripila kiroldegia eraberritzera, haurren parkea egokitzera eta eskolako leihoak aldatzera. Ekipamenduekin jarraituz eta apaiz-etxea erosi berritan, ekipamenduen azterketa  egitea izango da Udalaren helburuetako bat, herritarrekin batera beharrak identifikatu eta norabide bateratu bat adosteko.  Herri bideen konponketetarako eta armarri berriak ekarriko dituen aldaketetarako ere dirua bideratu da. Legorretako Udaleko langileen artean belaunaldi aldaketa bat datorrela ikusita, datozen urteetan Udalak izango dituen beharrak aztertzeko lanpostuen balorazioa egingo da.

Inbertsio hauez gain, dagoeneko martxan dauden proiektuekin jarraituko da: Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra (HAPO), harrera plana martxan jarri, etxebizitza azterketa bukatu eta bertan jasotako emaitzekin bide orria marrazteaz gain, irisgarritasun unibertsalerako plan integrala burutu.