Pasa den ekainaren 13an ikasturte amaierako festa ospatu zen Pikuak Kalera egitasmoa agurtzeko. Hau aurrera ateratzeko, Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzua, Ugaro Herri Eskola, Aldaieta Jubilatuen Elkartea eta soinketako eta Pikuak Kalerako kideek jardun zuten elkarlanean.
Goizean, hasteko, taldea argazkia atera zuten, eta ondoren bi taldetan banatu ziren bi ibilbide desberdin egiteko. Ibilaldi aberasgarriak izan ziren; izan ere, jubilatu elkarteko kideek garai bateko baserri, eraikuntza eta toki desberdinen inguruko azalpenak eman zizkien eskolako irakasle eta haurrei.
Ondoren, denak batera eta Odei Lopezek gidatuta, soinketa saioa burutu zuten herriko plazan. Eta festa behar bezala borobiltzeko, hamaiketako bateratua egin zuten heldu zein haurrek.
Ikasturte hau agurtu badute ere, gogoratu urritik aurrera berriz ekingo zaiola Pikuak Kalera egitasmoari. Adineko pertsona guztiak gonbidatuta daude ariketa fisikoa egitera bi helburu nagusirekin: osasuna hobetzea eta Legorretako pertsonen arteko harremanak sustatzea.
![Pikuak Kalera1](/images/Pikuak_Kalera1.jpg)
![Pikuak Kalera2](/images/Pikuak_Kalera2.jpg)
![Pikuak Kalera3](/images/Pikuak_Kalera3.jpg)
![Pikuak Kalera4](/images/Pikuak_Kalera4.jpg)